mariatajose.com
*HASIERA
*MATEMATIKARIAK
 Emakumeak matematikari
 Matematikari ospetsuak
*ARIKETAK
 Eskalak
 Estatistika
 Funtzioak eta Grafikoak
 Magnitudeak
 Mate egunerokotasunean
*BITXIKERIAK
 Asmakizunak
 Buruhausleak
 Irudi bitxiak
 Jokoak
 Test psikoteknikoak
*LOTURAK
*HARREMANAK

 

  EMAKUME MATEMATIKARIAK
Edna Paisano (1948)

Edna Paisano
emakume matematikariak

   Idahoko indioen erreserban jaio zen. Lan Soziala ikasi zuen Washingtonen. Indioen eskubideen aldeko borrokalari sutsua izan zen. Lehenengo emakume indioa izan zen EEBBetako administrazioan lana egitea lortu zuena, EEBBetako errolda bulegoan konkretuki. Teknika estatistikoak modernizatu eta perfekzionatu zituen errolden zehaztasuna handitzeko. Demografia, programazioa, estatistika eta datu baseen kudeaketan lan handia egin du. Bere lanari esker indioen errolda %38an handitu da.

Emma Castelnuovo(1914)

Emma Castelnuovo
emakume matematikariak
   Erromako emakume hau bigarren hezkuntzako matematika irakaslea da. Matematika irakasteko metodoak aztertzen ditu. Geometria irakasteko metodo intuitiboari buruzko konferentzia bat eman zuen 1946an. Hezkuntza gai duten nazioarteko hainbat konferentziatan parte hartu du. Bigarren hezkuntzarako testu liburuak idatzi ditu eta hauek hizkuntza askotara itzuliak izan dira. Nigerian ere egin du lan haurrei matematika irakasten.

Grace Murray Hopper (1906-1992)

Grace Murray Hopper
emakume matematikariak

   Emakume estatubatuar hau ordenagailuen programazioan aitzindaria izan zen.
   Matematikan doktoratu zen. Hamar urtez irakasle gisa lan egin ondoren EEBBetako marinan sartu zen. Inteligentzia departamentuan egi zuen bere lana ordenagailuak programatzen. Berrogeita hamargarren hamarkadaren bukaeran Gracek konpilagailua asmatu zuen, hau da, programazioa, makina kodigoaren bidez egin beharrean ingelesezko esaldien bidez burutzea ahalbidetzen duen teknika. COBOL izena jarri zioten konpilagailu honi.

Sof´ja Aleksadrovna Janovskaja (1896-1966)


Sof´ja Aleksadrovna
emakume matematikariak

   Polonian jaio zen baina oso gazterik Odessara joan zen bizitzera familiarekin. Han ikasi zuen matematika. Errusiar iraultzan aktiboki hartu zuen parte . " Kommunist " egunkariko argitaratzailea izan zen.

   Moskuko unibertsitatean irakasle izan zen. Matematiken filosofian eta logikan egin zuen lana. Matematiken historiari buruz ere idatzi zuen, hala nola, Descartesen geometria, Egiptoko matematikak, Zenon-en paradoxa.

Emmy Amalie Noether (1882-1935)

Emmy Amalie Noether
emakume matematikariak

   Alemanian jaio zen. Bere aita matematikaria zen eta Emmyk aitaren pausoak jarraitu zituen. Emakumea izanik ordea ezin zuen ofizialki Erlangerreko Unibertsitatean matrikulatu, irakasle bakoitzari baimena eskatzen zion beren ikasgaietan parte hartu ahal izateko. 1904an lortu zuen azkenik matrikulatzea . 1907an doktoregoa bukatu zuen. Bere lanen kalitateagatik ospe handia hartzen joan zen garaiko matematikarien artean. Hilbert (Einsteinekin batera erlatibitatearen teoriaren aita izan zena) Gottingeneko unibertsitatean Emmyk irakasle plaza bat izan zezan saiatu zen. Emmyk 1919an lortu zuen irakasle postua, ordura arte Hilberten izenpean eman behar izan zituen klaseak.

   1933.urtean Gottingen utzi behar izan zuen naziengandik ihesi. EEBBetara alde egin zuen.

   Emmyren lana algebra modernoan eta erlatibitatearen teoriaren garapenean funtsezkoa izan zen. Bere ideia gehienak ordea bere ikasle ohiek publikatu zituzten.

Grace Chisholm Young (1868-1944)

Grace Chisholm
emakume matematikariak

   Ingalaterrako maila sozial altuko familia batean jaio zen. Amak irakasten zizkion matematika eta musika.

   Zailtasunak zailtasun Cambridgeko unibertsitatean sartzea lortu zuen. Matematikan lizentziatu ondoren doktoregoa Gottingenen (Alemania) egin zuen, Cambridgen emakumeei ez baitzitzaien uzten doktoratzen.

   Ingalaterrara itzuli zenean, Willian Youngek astronomiari buruzko liburu bat idazteko laguntza eskatu zion, Gracek onartu eta batera ekin zioten lanari. Gerora elkarrekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten. Gracek ezin izan zion denbora askorik eskaini ikerkuntzari, hala eta guztiz lan interesgarriak idatzi zituen, batez ere Lebesqueren integralari eta funtzio errealen deribatuei buruzkoak

Sofia Sonia Kovalevskaya (1850-1888)

Sofia Sonia Kovalevskaya
emakume matematikariak

   Moskun jaio zen eta Bielorrusian iragan zuen haurtzaroa. Txikitatik nabarmentzen zitzaion matematiketarako abilezia. Bere aitak ez zuen begi onez hartzen emakumeak ikasketetan denbora galtzea, baina familiaren lagun zen irakasle batek konbentzitu zuen alabari ikasten jarraitzen uzteko.

   Errusiako unibertsitatean emakumeek sarrera galarazia zeukatenez Alemaniara joatea erabaki zuen Sofiak, aurretik, aitaren kontrolpetik alde egin ahal izateko hitzarmenez ezkondu zen Vladimir Kovalevskyrekin.

   Alemanian ere arazo berdina izan zuen: unibertsitateak ateak itxi zizkion. Weierstrass matematikari handia ordea txunditurik geratu zen Sofiaren azkartasunarekin eta bere lan taldean sartu zuen. Han hiru tesi idatzi zituen, oso arrakastatsuak.

   Errusiara itzuli eta alaba bat izan zuen, urte batzuetan zehar ikerkuntza alde batetara utziz. 1880an Vladimirrengandik bereiztu eta berriro Alemaniara itzuli zen.

   1883an Stockholmeko unibertsitatean irakasle postua lortu zuen. Izendapen honek tirabirak sortu zituen emakumea zelako. Oztopoak gaindituz garai honetan idatzi zituen lanik garrantzitsuenak, sari ugari jasoaz, horien artean Parisko zientzien akademiak emandakoa.

   1891an hil zen berrogeita bat urterekin.

Ada Lovelace (1815-1852)

Ada Loelace
emakume matematikariak

   Ingalaterran jaio zen Lord Byron poeta ospetsuaren alaba, Adak ordea ez zuen bere aita ezagutzeko aukerarik izan, bera jaio eta urtebetera etxetik alde egin baitzuen honek.

   Gizarte Viktoriarra moral estukoa bazen ere, zientziak eta ikerkuntzak prestigio soziala ematen zuten. Emakumeekiko jarrera baztertzailea izan arren aberatsenek ikasteko aukera zuten eta hala, Adaren ama bere alabak tutorerik onenak izan zitzan arduratu zen.

   Hamazazpi urterekin Charles Babbage ezagutu zuen. Honek bere diferentzia finituen makina erakutsi zion. Babbage makina analitiko bat eraikitzeko asmotan zebilen eta Ada izan zen bere laguntzailea, inork baino hobeto ulertzen baitzuen makina honen funtsa.

   Willian King-ekin ezkondu eta hiru ume izan zituen. Denbora batez kontaktua galdu zuen Babbagerekin .

   1842. urtean Italiako ingeniari militar ospetsu batek Babbageren makinari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen. Adak ingelerara itzuli eta urte batzuk beranduago bere gogoetak eta ekarpenak gehitu zizkion dokumentu horri. Zientzia eta teknologiaren munduan arrakasta handia lortu zuen lan hark, baina handik lasterrera hil zen Ada hogeita hamasei urterekin. Babbagek ere ez zuen lortu makina analitikoa gauzatzea eta bien lana ahaztu egin zen denboraren poderioz.

   2. gerrate mundialean ordea, ordenagailuak berraurkitzeari ekin zitzaionean Babbageren teoriek indarra berreskuratu zuten, berak ezarri zituen egungo ordenagailuaren funtzionamenduaren oinarriak. Adaren ekarpenak berriz konputagailuen programazioaren oinarri teorikoa izan ziren. 1979.urtean EEBB tako Defentsa Departamentuak ADA izena jarri zion sortu zuten programazio programari.

Maria Fairfax (1780-1872)

Maria Fairfax
emakume matematikariak

   Eskozian jaio zen familia behartsu baten baitan, hamar urterekin oraindik ez zekien irakurtzen. Bere nebaren tutorea izen zen Mariaren azkartasunaz jabeturik ikastera animatu zuena. Euklidesen liburuekin hasi zen.

   Hogeita lau urterekin Londresera ezkondu zen eta bi seme izan zituen. Bere senarrak ez zuen gogoko Mariaren matematikarekiko zaletasuna. Hiru urteren buruan alargun geratu zen Maria. Orduan ekin zion buru belarri matematikari.

   Bere lehengusu Willian Somervillenekin ezkondu zen geroago. Willianek ere bazuen zientzietarako zaletasunik.

   1826. urtean aurkeztu zuen Mariak bere lehenengo entsegua Britainiako Elkarte Errealera, eguzki espektroaren izpi moreen ezaugarri magnetikei buruzkoa.

   1834an " Zientzia fisikoen konexioa " idatzi zuen. Lan hau oso saritua izan zen.

   "Geografia fisikoa " izan zen bere hurrengo lana.

   Senarra eta seme baten heriotzaren ondoren depresio sakona iragan zuen, baina berriro ekin zion lanari eta laurogeita bost urterekin " Zientzia molekular eta mikroskopikoa " idatzi zuen. 92 urterekin hil zen, azken egunetaraino jarraitu zuen ikertzen.

Sophie Germain (1776-1831)

Sophie Germain
emakume matematikariak

   Parisen jaio zen Sophie. Hamahiru urterekin Arquimedesen heriotzaren istorioa irakurri zuen. Kontatzen denez, Arquimedes, buruketa matematiko baten emaitza argitzen murgildurik zegoen batean soldadu baten galderei ez erantzuteagatik hil zuten. Sophiek, Arquimedesi horrelako buruhaustea sortu zion problema matematikoa ulertu nahi izan zuen eta bere kabuz matematika ikasten hasi zen.

   Hamazortzi urterekin Parisko eskola politeknikoan sartu nahi izan zuen. Emakumerik ez zenez onartzen lagunen bitartez lortzen zituen interesatzen zitzaizkion apunteak, batez era analisiarenak. Kurtso amaieran lan bat aurkeztu zuen Leblanc jauna ezizena erabiliz. Lagrange irakaslea, garaiko matematikaririk esanguratsuena berau, txunditurik geratu zen lan haren kalitatearekin eta egilea pertsonalki ezagutu nahi izan zuen. Orduan jakin zuen Leblanc emakumea zela, hala ere, bere lan taldean onartu zuen.

   1801. urtean Carl Friedrich Gauss matematikari alemaniarrari idatzi zion, berriro ere Leblanc jauna ezizenpean,zenbakien teoriari buruzko zenbait emaitza eta ekarpen azalduz. Handik aurrera Gaussekin posta bidezko harreman handia izan zuen. Oso gerora jakin zuen Gaussek Leblanc emakumea zela.

Carolina Herschel (1750-1848)

Carolina Herschel
emakume matematikariak

   Hannoverren jaioa familia musikari baten baitan. Musikari gisa egiten zuten lan bere neba Willian eta Alexanderrek Ingalaterran eta beraiengana joan zen hogeita bi urte bete zituenean. Willianek musika alde batera utzi zuen eta erregearen aginduetara astronomia arloan hasi zen ikertzen. Carolinak bere pausoak jarraitu zituen eta gogoz ekin zion lanari; gauetan izarrei begira, egunez kalkulu matematikoetan murgildurik. Nebak eta biek gero eta potentzia handiagoko teleskopioak eraiki zituzten.

   Hogeita hamabi urte zituela erregea jornal bat ordaintzen hasi zitzaion, honek independentzi ekonomikoa ekarri zion Carolinari. Handik urtebetera. Willian ezkondu egin zen eta etxetik alde egin zuen. Etxeko zereginetatik aske, denbora gehiago zeukan Carolinak ikerketarako. Hala, neba eta biek mila izar bikoitz aurkitu zituzten, sistema binarioak osatzen zituztela oharturik grabitazio indarra gure planetatik kanpo ere existitzen zela ondorioztatu zuten.

   Willian hil zenean Hannoverrera itzuli zen Carolina. Nebaren ospearen itzalean, emakume zientzialariekiko aurreiritziz beteriko gizartean, bizitzaren azken urteetan jaso zuen bere ekarpenaren aintzatespena. Hala, Ingalaterrako astronomiaren elkarte errealaren urrezko domina jaso zuen, Irlandako elkarte errealeko kide izendatu zuten eta Prusiako erregeak zientziaren urrezko domina eman zion.

Maria Gaetano Agnesi (1750-1848)

Maria Gaetano
emakume matematikariak

   Maria Milanen jaio zen. Linguista, matematikari eta filosofoa izan zen. Aita ordezkatu zuen Bolognako unibertsitatean hau gaixotu zenean. Algebra eta geometria izan ziren gehien jorratu zituen arloak.

   "Instituzioni Analitische" izan da bere lanik ezagunena, hainbat hizkuntzetara itzulia eta unibertsitaterako testu liburu bezala erabilia herrialde desberdinetan.

   Bere aita hil zenean matematikak alde batetara utzi eta Milango orden erlijioso batean sartu zen, bere azken urteak teologiari eta behartsuenei eskainiz.

Émilie de Châtelet (1706-1749)

Emilie de Châtelet
emakume matematikariak

   Frantziako familia noble baten baitan jaioa, txikitatik matematika eta metafisikarako erraztasuna azaldu zuen. Hamabi urterako dagoenekoz ingelera, italiera, espainola, eta alemanera hitz egiten zituen.

   Hemeretzi urterekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen.

   Descartes, Newton eta Leibnizen lanak aztertu zituen. "Fisikaren Instituzioak" izan zen bere lanik garrantzitsuena. Newtonen lanak frantsesera itzuli zituen.

Hipatia (K.o. 370-415)

Hipatia
emakume matematikariak

   Hipatia Alexandrian jaio zen. Zientzia eta artearen garapenerako garai distiratsua izan arren, emakumeak guztiz bazterturik zeuden ezagutza intelektualaren mundutik. Hipatiak ordea zortea izan zuen, bere aita Theon, Alexandriako matematikari garrantzitsuenetakoa izaki, alabari hezkuntza on bat emateaz arduratu baitzen.

   Hala, Hipatiak Museoan (garai hartako ikerkuntza eta irakaskuntza gunean) ikasi zuen, ondoren Italia eta Atenasen izan zen.

   Alexandriara itzuli zenean bertoko unibertsitatean filosofia katedra okupatu zuen. Ospe handiko irakaslea bihurtu zen, Europa, Asia eta Afrikatik etortzen zitzaizkiolarik ikasleak.

   Heliozentrismoaren defendatzaile sutsua, astroen mugimenduari buruzko taulak eratu zituen. Ekuazio diofantikoak aztertu zituen, geometria arloan ere lan ugari egin zuen.

   Astrolabioa eta esfera-planoa asmatu zituen eta aerometroaren asmakuntzan bere ekarpena ezinbestekoa izen zen.

   Emakume zientzialaria, paganoa eta greziar arrazionalismoaren defendatzailea izanik garai zailak zetozkion. Kristautasunera aldatzeari uko egiteagatik Zirilo, Alexandriako patriarkaren aginduz hil zuten.

   Erdi Aroaren hasiera zen hura. Hipatiaren erailketa matematikaren garapenaren geldialdi luzearen adierazgarri bihurtu zen.

Teano (k.a. VI)

Teano
emakume matematikariak

   Aitzinako Grezian matematika original eta bikaina eratu zen, Babilonia eta Egiptoko zibilizazioetan aurretik zituzten ezagutzak lagungarri izan zituztelarik.

   Tales, Pitagoras eta Teano izan ziren garai horretako matematikaririk esanguratsuenak.

   Pitagorasek Eskola Pitagorakoa sortu zuen, non emakumeek ere ikas zezaketen. Eskola Pitagorikoaren arabera dena zenbakien bitartez azal zitekeen.Teano Pitagorasen ikaslea izan zen, gerora elkarrekin ezkondu ziren eta bi alaba izan zituzten.

   Matematika, fisika eta medizinari buruz idatzitako hainbat tratatu Teanorenak direla pentsatzen da, hala nola, Poligono Erregularren teoria, Proportzioen teoria eta Proportzio Aureoari buruzko tratatuak.

   Pitagoras hil zenean Teanok hartu zuen eskolaren zuzendaritza eta bere bi alaben laguntzaz jakintza matematiko eta filosofikoa zabaltzen jarraitu zuen Grezia eta Egipton.