mariatajose.com
*HASIERA
*MATEMATIKARIAK
 Emakumeak matematikari
 Matematikari ospetsuak
*ARIKETAK
 Eskalak
 Estatistika
 Funtzioak eta Grafikoak
 Magnitudeak
 Mate egunerokotasunean
*BITXIKERIAK
 Asmakizunak
 Buruhausleak
 Irudi bitxiak
 Jokoak
 Test psikoteknikoak
*LOTURAK
*HARREMANAK

 

MATEMATIKARI OSPETSUAK

 

ARQUIMEDES (K A 287 - 212)


Arquimedes greziarra Siracusan (Sicilian) jaio zen eta Alejandriako Unibertsitatean (Egipton) ikasi ondoren, Siracusara itzuli zen betirako.

Bere ekarpenik handienak geometrian egin zituen, baina horrez gain mekanika, fisika eta ingeniaritzan ere jardun zuen. Mekanikaren aitatzat jotzen da, eta antzinako matematikari-zientzialaririk garrantzitsuenetakoa da zalantzarik gabe. 2000 urte inguru igaro behar izan ziren bere neurriko zientzialaria agertzeko: Newton.

Geometrian neurketak egin zituen, irudi lau eta gorputz geometrikoetan. Garai hartan gorputz erregularren bolumenak neurtzen bazekiten (adib kuboa), baina irregularrak ez, Arquimidesek asmatu zuen arte. Ertzeraino beteta zegoen bainera batetara sartzerakoan, kanporatzen zuen ur kopurua bere gorputzaren bolumenaren adinakoa izan behar zuela konturatu zen. Diotenez, baineratik saltoka irten omen zen kalera narru gorrik "·Eureka" , hots, "aurkitu dut" deiadarka. Hidrostatikaren lehen legea aurkitu zuen, gorputzen dentsitatea kalkulatzeko era.

Gainera, 223/71 eta 22/7 zatiketak eginez, pi zenbakiaren balioa 3,14084 eta 3,14285 zenbakien artean zegoela kalkulatu zuen. Horretarako zirkunferentzia batean alde askotako poligonoak (96 aldetakoak) inskribatu eta zirkunskribatu zituen, eta pi= perimetroa / diametroa kalkulatu zuen

Bere aurkikuntzarik garrantzitsuena ordea, zilindro baten eta bertan inskribatutako esferaren azalera eta bolumenaren arteko erlazioa izan zen:

Esferaren bolumena = 2/3 zilindroaren bolumena * marrazkia

Esferaren azalera = 2/3 zilindroaren azalera

(Bere hilarrian zilindroan inskribatutako esfera marrazteko agindu omen zuen)

Baina Arquimedes, bere asmakizunengatik egin zen ospetsua. Ezagunen artean txirrika (esfortzurik gabe pisuak altxatzeko), tornua, horzdun gurpila, amaieragabeko torlojua (ura ateratzeko).. Palankaren printzipioa ezarri zuen ("eman eusteko puntua eta mundua altxatuko dut")
 

Esparru militarrean, katapultak, pertikak, garfioak .. eta abar asmatu zituen. Etsaien itsasontziak urrutira ispilu handien bitartez erretzea otu zitzaion. Asmakuntza mekaniko eta optikoen bidez, Siracusa hiru urtez erromatarren erasoetatik babesten lagundu omen zuen, baina azkenean, K A 212.urtean konkistatu zuten. Soldadu talde bat bere etxera sartu zenean, hondarretan irudi geometriko korapilotsuak marrazten aurkitu omen zuten. Soldaduetako batek hauek zapaldu eta "ez ukitu nire zirkuluak" errieta egin eta ondorioz, soldaduak ezpataz akabatu omen zuen Arquimedes zaharra.