mariatajose.com
*HASIERA
*MATEMATIKARIAK
 Emakumeak matematikari
 Matematikari ospetsuak
*ARIKETAK
 Eskalak
 Estatistika
 Funtzioak eta Grafikoak
 Magnitudeak
 Mate egunerokotasunean
*BITXIKERIAK
 Asmakizunak
 Buruhausleak
 Irudi bitxiak
 Jokoak
 Test psikoteknikoak
*LOTURAK
*HARREMANAK

 

MATEMATIKARI OSPETSUAK

GAUSS ( 1777 - 1855 )

MATEMATIKEN PRINTZEA

Karl Friedrich Gauss, Brunswick-en (Alemanian) jaio zen 1777an eta Gottingen-en hil zen 1855an.

Langile apalen semea, jenio baten lehen urratsak eman zituen, 3 urte bete aurretik irakurtzen eta kalkulatzen ikasi zuenean.

Oso azkarra omen zen buruz kalkuluak egiten; behin bere aita soldata batzuen kontuak ateratzen ari zela, akats bat egin eta umeak zuzendu omen zion.

Aitak ez zuen nahi bere neurriko ikasketak egitera bidaltzerik, baina amak gogor egin zuen eta nebaren laguntzarekin semearen karrera bultzatu zuen.

Beste batean, 10 urte zituela, irakasleak 1etik 100era bitarteko zenbakien batura kalkulatzeko eskatu omen zien ikasleei. Ia berehala, Karlek emaitza zehatza eman omen zion, inongo prozedurarik adierazi gabe. Buruz egin zuen, (1+100) + (2+99) + (3+98)+.. 101 batzen duten 50 bikote, beraz, emaitza 5050

Sari gisa, irakasleak aritmetikako liburu bat oparitu omen zion, segituan irakurri eta zuzendu omen zuen.

12 urterekin Euclidesen geometriaren fundamentuak kritikatu zituen, 13rekin Euclidesena ez zen beste geometria posible baten bila hasi zen. 15ekin Newtonen binomioa frogatu zuen.

Brunswick-eko Dukeak, mutikoaren adimenaz ohartuta, unibertsitaterainoko ikasketak ordaintzea erabaki zuen.

19 urterekin, 17 aldetako poligono erregularra eraikitzea lortu zuen, soilik erregela eta konpasa erabiliz, eta handik gutxira, beste poligono erregularrak eraikitzeko formula aurkitu.

Hurrengo lau urteak oso emankorrak izan zituen. Hain azkar bururatzen omen zitzaizkion ideiak, batzuk bakarrik landu zitzakeela.

1799an Helmstedt-eko Unibertsitatean doktoratu zen. Matematikaz gain, astronomia, fisika, geodesia lantzen zituen eta gainera asmatzailea zen (heliotropoa, magnetometroa, telegrafo elektrikoa.)

Erraztasunez hitz egiten zuen hainbat hizkuntzetan (60 urterekin errusiera ikasi zuen)

Bere lehen maisu-lana 1801ean argitaratu zen, "Disquisitiones Arithmeticae", zenbakien teoriari buruzkoa. Bertan, zenbaki osoei buruz ordurarte ezagutzen zena ordenatzeaz gain, bere ideiak gehitu zituen, teorema garrantzitsuak frogatuz, eta etorkizuneko zientziari bide berriak zabalduz.

Ondoren, matematika hutsak utzi eta astronomiari ekin zion 20 urtez. Askoren ustetan denbora alperrik galtzen zebilela, Ceres asteroidea azaldu zen, baina oso denbora laburrean ikusi ahal izan zen, berehala desagertu baitzen. Orduan, Gaussek bere orbita kalkulatu eta berriro agertuko zeneko data iragarri zuen. Astronomiako katedra lortu zuen eta behatokiko zuzendari izendatu zuten Göttingen-eko Unibertsitatean.

1855ean, 78 urte zituela hil zen. Hilarrian 17 aldetako poligonoa marraztu zuten

XVIII eta XIX.mendeetako matematikaririk handiena izan zen. Matematikaren arlo guztiak jorratu eta aurkikuntza bikainak egin zituen. Bere lanari esker, zientzia fisiko eta naturaletako arazo oso korapilotsuak ebatzi ahal izan ziren.


Probabilitatearen kurba arrunta edo Gaussen kurba,
gaur egun estatistikan erabiltzen dira oraindik ere

Gizon hotza izan zen, bere lanean erabat murgildurik bizi izan zena, perfekzionista hutsa: ez zuen uzten bere lanak argitaratzen erabat berrikusita eta ziurtatuta eduki arte.

Zientziez gain, literatura klasikoa eta europarra zituen gogoko, munduko politikarekiko kritiko azaldu zen beti eta botanika eta mineralogia atsegin zituen.

matematikari ospetsuak