Thales agurea ezagutu omen zuen, eta beste filosofo batzuekin batera, matematikarekiko zaletasuna piztu zioten.
Asko bidaiatu zuen, Egipto eta Babiloniako kulturetatik asko ikasiz. Samosera itzuli zenean ordea, Policrates tiranoaren menpe zegoen uhartea eta alde egin zuen Crotonara, Italiako hegoaldeko hirira. Han sortu zuen "Eskola Pitagorikoa", matematika filosofia, mistika eta erlijioarekin bat egiten zutenen elkartea: elkarrekin bizi, ospakizunak egin eta elkarri laguntzeko biltzen ziren. Edozein pertsona sar zitekeen, emakumeak barne, garai hartan eta luzaroan pentsaezina izan zena leku askotan. Teano izeneko ikaslearekin ezkondu omen zen.
Politikoki indar handia hartu zuten eta garaiko ideia demokraten aurkakoak zirenez, 500.urtearen inguruan herria altxatu eta egoitzak erre zizkieten beraiek barruan zirelarik.
Batzuk diote Pitagoras bertan hil zela, besteek berriz Metapontora ihes egin zuela. Dena dela, jarraitzaileek bere lanarekin jarraitu zuten urteetan zehar.
Pitagorikoek aritmetika, musika eta astronomia arloak lantzen zituzten. Elkartearen sinboloa pentagono baten barruan inskribatutako bost puntetako izarra zen, pentalfa (bost alfa). Horrela ezagutzen omen zuten elkar. |